Hizkuntzak: eu | en
Proiektuaren deskripzioa

Helburua

NORANTZ proiektuaren helburua da gaur egungo Iparraldeko euskaldunen gramatika oinarriak, joera handienetan, zer bidetarik doazen ikustea, eta datu-base batean bildurik erakustea, gisa horretan euskal hizkeren gramatikaren bilakaeraren behagune baten zimenduak finkatuz.

Hastapeneko hipotesia

Azken hiruzpalau hamarkadetan, euskarak gizarte egoera guziz berria, guziz larria ere transmisioaren eta gizarteko erabilpenaren aldetik, bizi izana du Iparraldean. Duda guti da, bestalde, ondoko hamarkadetan ere gauzak bide beretik joanen direla. Ez da argi, ordea, zer ondorio ekar dezakeen ingurumen horrek euskal hiztunen gramatikan: ondorio batzuk, gutiago edo gehiago finkatuak, ager daitezkeela suma daiteke, baina ikerketa berezirik egin gabe, zail da deus zehatzik horretaz aitzinatzea. Hain zuzen, sumatzen diren, baina guziz ilunean gelditzen diren fenomeno horiek bildu nahi lituzke NORANTZek.

Metodologia

Gaur egungo hiztunen gramatiketan ager daitezkeen fenomeno berrien berri izateko, soziolinguistikoki ezaugarri desberdinak dituzten hiztun motak kontuan hartu behar dira. Desberdintasun horretako eragilerik handienak hiru hauek dira: adina, bizitokiaren ingurumena (euskararen gizarte presentzia, Baiona-Angelu-Miarritze hirigunetik kanpo, hiri ttipiagoetan eta baserrialdean handiagoa izanez), eta euskarak eskolatzean izan duen tokia (murgiltze sistema edo ez, Iparraldean). Xede horretan, datu-basearen hornitzeko, 59 hiztun aukeratu dira, irizpide hauen arabera 10 azpimultzotan banatuak. Garrantzizkoa da gogoan izatea ez direla hiztun ‘onak’ bereziki xerkatu, baina, irizpide soziologikoei jarraikiz, hiztun arruntak, hots euskaraz komunikatzeko oinarrizko gaitasuna zutenak. Ikus hiztunen taula (kontuan izan, 40z goitiko hiztunik ez dela murgiltze sistemako eskoletan ibili denik):

Hiztunen taula
adina hirialdea hirixkak eta baserrialdea
  +murgiltze -murgiltze +murgiltze -murgiltze
+ 70 - 8 - 7
40-60 - 5 - 7
-35 8 2 11 11

Hiztun horien gramatika ezagutzen biltzeko, eta haien artean aldaeren agerian emateko, elizitazio molde berak erabili behar dira. Horregatik, galdera berak egin zaizkie hiztunei, ahoz, galdera guztiei bederazka erantzutea eskatuz, eta haien erantzuna grabatuz.

Galdetegiak gramatikako atal handienak estaltzen dituzten perpausak biltzen ditu, galdera bakoitzak datu zehatz bat bilatzen duelarik.

Datuen erdiesteko, itzulpena baliatu da, hots perpausak euskarara itzul zitzaten eskatu zaie hiztunei. Elizitabide horrek, tradizio luze-luzea du hizkuntzalaritzako lanetan, baina dakigun bezala, ez ditu alde onak bakarrik, eta datuak zer gisatan bilduak izan diren gogoan izan behar du ikertzaileak, itzulpena desegokia izan daitekeen gai batzuetan bereziki (erlatiboak adibidez). Horiek hola, oro har uste dugu datu fidagarriak eskaintzen dituela NORANTZek, eta iduritzen zaigu Iparraldeko euskaldunen gramatika gaitasunaren argazki franko leiala aurkitzen dela datu-basean, hiztunen artean izan daitezkeen aldaera joera nagusiak ere nolabait bilduak direlarik. Perpaus menderakuntzari datxizkion gai batzuetan, ezagutza galderak ere egin dira (E atala), hiztunek, beren erantzunetan erabili ez zuten forma edo egitura baten berri bazutenetz jakiteko.

Galdetegiak 568 galdera ditu morfosintaxiari dagozkionak, eta 178, fonologiari dagozkionak. Lehenbiziko sailean gramatika arrunteko gai nagusietako oinarrizko datuak biltzen dira, eta bigarrenean, berriz, euskarak ez dituen frantses fonemen trataerari buruzkoak (maileguetan), baita, euskarak bai, baina frantsesak ez dituen zenbait fonema edo oposaketari buruzkoak (dardarkari edo xistukarietan) ere.

Morfosintaxizko galdetegiak morfologia funtzionaleko datuak bilatzen ditu oroz gainetik (hondarkiei eta adizkera jokatuei buruzkoa bereziki). Hemen eskema aurkezten dugu; ikus galdetegiaren liburuxka ‘galdetegia’ erlaitzean.

A. IZENAREN MORFOLOGIA
        A.1. Hondarkiak 74 galdera
        A.2. Erakusleak 7 galdera
 
B. ADITZAREN MORFOLOGIA
        B.1. Solaskiderik gabekoak 56 galdera
        B.2. Solaskideen artekoak 32 galdera
        B.3. Ahalera 29 galdera
        B.4. Irrealisekoak 18 galdera
        B.5. Trinkoak 5 galdera
        B.6. Aspektu marka 8 galdera
        B.7. Alokutiboa 11 galdera
 
C. JOSKERA
        C.1. Izenordainen gauzatzea 54 galdera
        C.2. Determinatzailearen gauzatzea 17 galdera
        C.3. Mailakatzaileak 7 galdera
        C.4. Kuantifikatzaileen numero aditz-komunztadura 20 galdera
        C.5. Banaketariak 4 galdera
        C.6. Galdegaia 16 galdera
        C.7. Galdera perpausak 11 galdera
        C.8. Harridura perpausak 4 galdera
        C.9. Aditzaren numero komunztadura 8 galdera
        C.10. Mendeko perpausak 173 galdera
        C.11. Inpertsonalak 9 galdera
 
D. MORFOFONOLOGIA 5 galdera
 
F. AHOSKERA
        F.1. Frantsesetikako maileguak > euskarak ez dituen fonemak 79 galdera
        F.2. Frantsesaren eraginez gal daitezkeen oposaketak 99 galdera

Datu-basea nola erabil

NORANTZ proiektuaren emaitza datu-basea da, erran nahi baitu, 59 hiztunenganik bildu izan diren erantzunen eskaintzea, hots, orotara 45.000 erantzun baino gehixeago (782 x 59 = 46.138). Erantzun bakoitzean bost informazio mota aurki daitezke:

  • bilatua den datuaren zehaztapena
  • emanikako erantzuna, entzuteko gisan
  • erantzunaren transkripzioa
  • batzuetan erantzun horri dagokion ohar bat
  • erantzun emailearen ezaugarri soziolinguistikoak

Datu-basean dauden datuetara joateko, lehen orriko Galdetegia edo Hiztunak erlaitzetarik joan daiteke, edo, noski, gaien arabera, orduan Bilaketa erlaitza erabiliz.

Bilagailuak erantzunak gaika eta hiztun moten arabera eskatzeko bide ematen du. Eskatzeko bidea franko modu lañoan egituratua da, eta hartara joanez gero aise ikusten da nola dabilen.

Gaien aukeraketa, haatik, galderen definizioetan agertzen diren ezaugarri batzuen bidez egiten baita, ez da hain erraz jakitea zein diren ezaugarri horiek, eta bakoitzaren kasuan zer datu motari zuzen dagokion; ezaugarri horien laburdurak ere batzuetan ilun gerta dakizkioke erabiltzaileari (nahiz beti laburdura aski gardenak erabiltzera entseiatu garen). Zailtasun horien gainditzera laguntzeko, bi fitxategi sartu dira BILAKETA erlaitzean: gainaldean agertzen dira, alde batetik Laburduren azalpenak, eta beste aldetik Ezaugarrien edukia. Lehenbizikoan klikatuz gero, laburduren esanahiak argitzen dira, eta bigarrenean klikatuz, ezaugarrien bidez zer datu mota bildu nahi izan den jakin daiteke. Dena den, aholkatzen diogu ikerketa bereziak egin behar dituen erabiltzaile berriari, lehenik galdetegiari behako bat eman diezaion, galderen definizioetan agertzen diren ezaugarri horiek nolakoak diren jakiteko. Galderen liburuxka Galdetegia deitu erlaitzean den PDF dokumentu batean emana da; han ireki eta eskura daiteke.

Eskabidea Bilaketa erlaitzean egin ondoan, erantzunak zuzenean agertzen dira pantailan, zenbat erantzun dauden ere errana delarik. Erantzunak galderaka emanak dira, eta galdera bakoitzean, erantzunak bistaratu eskuineko aldean agertzen baita, aski da gune hartan klikatzea, galdera hari dagozkion erantzun guzien bistaratzeko. Erantzun bakoitzak hiztunaren deitura anonimizatua ematen du, eta ondoan dagoen ‘i’ ikonoak berriz, ezaugarri soziolinguistiko nagusiak (komeni da gezia segundo bat edo ikonoaren gainean uztea, informazioa ager dadin).

Erantzunak hiztunen adinaren arabera zerrendatuak dira (Bilaketa erlaitzean alfabetikoki egitea eskatu ez bada, behintzat). Hiztunen deitura anonimizatuak agertzen diren guneetako grisaren iluntasunak hiru multzo egiten du hiztunetan: goiko aldean +70 urte dutenak, beheko aldean -30 urte dutenak, eta artean 40-60 urte dituztenak. Aldi bakoitzean, erantzunaren transkripzioa eta entzuteko ikonoa agertzen da. Batzuetan erantzun batek oharra baitu, hura ere agertzen da (soinuzko dokumentua ere izan daiteke barnean). Berriz ere, erabiltzaileak aski du zuzenean saiatzea, eta ikusiko du biziki aise eskuratzen ahalko dituela datuak.

Erabiltzaileak eskatu dituen erantzunak izkirioz bildu nahi baditu, eskabidea egin eta, aski du orriaren gainaldean agertzen den Excel edo PDF ikonoetan klikatzea, dokumentu horien sortzeko.